Bertaratuko direnentzako informazioa
Jon Andoni Duñabeitia (BCBL)
Psikologian doktorea (Neurozientzia kognitiboa), Basque Center on Cognition, Brain and Language-ko (BCBL) ikertzailea, eta gradu-ondoko irakaslea UPV-EHUn.
Gaur egun, BCBLko 'Multilingual literacy' ikerketa taldea zuzentzen du, lurralde elebakarretan eta eleanitzetan adin desberdinetako hiztunen ahozko hizkuntza jabekuntzari loturiko azterketa, hain zuzen.
Elebitasunarekin eta alfabetizazioarekin loturiko zenbait proiektu nazionaletako ikertzaile nagusia izateaz gain, eleaniztasunaren oinarri biologikoak aztertzen dituzten beste nazioarteko ikerketa batzuetan ere laguntzen du. Psikolinguistika eta hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa lantzen dituzten aldizkari garrantzitsuenetan 60 bat artikulu publikatu ditu, Journal Cognitive Psychology eta Frontiers in Psychology aldizkarietako editorialetan parte hartzen du; eta nazioarteko 35 aldizkari zientifikotan ikuskatzaile bezala aritzen da.
Hitzaldia
Nola pentsatzen dute elebidunek? Gizon gizenaren kasua
Nola pentsatzen dute elebidunek? Berdinak al gara gure ama hizkuntza eta ezagutzen dugun hizkuntza kanpotar bat erabiltzen ditugunean? Zein harreman dago emozioen eta hitz egiten ditugun hizkuntzen artean? Min gutxiago egiten al du hizkuntza kanpotar bat erabiliz egindako irainak? Gezurti hobeak al gara gure ama hizkuntzan kanpo hizkuntzetan baino? Hizkuntzaren neurozientzia kognitiboa lantzen duten hizkuntzalarien arreta bereganatu dute hauek eta antzeko beste galdera batzuek; eta azken aldiko ikerketek erakutsi dutenez, orain arte mugiezin uste genituen adimenaren zenbait alderdik, zerikusi handia dute aurkitzen garen testuinguru linguistikoarekin.
Hitzaldi honetan, adimenaren eta eleaniztasunaren arteko azken urte hauetako aurkikuntza garrantzitsuenak plazaratuko dira, eta paradigma esperimental eta teknika neurozientifiko desberdinak erabiliz, gizabanako bakoitzak, momentuan erabiltzen duen hizkuntzaren arabera, bere pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko era alda dezakeela erakutsiko da. Lehenik, ama hizkuntzak eta hizkuntza kanpotarrak konparatuz, hizkuntzaren bidezko emozioen prozesamenduaren inguruko ikerketak ezagutaraziko dira. Honekin batera, gezurraren prozesamenduaren inguruko ikerketa zientifikoak azalduko dira, ama hizkuntzak eta hizkuntza kanpotarrak erabiliz; edota hizkuntzaren araberako erabakiak hartzearen prozesuak erakutsiko dira. Jarraian, balorazio moralak hizkuntzaren arabera aldatu daitezkeela erakutsiko da eta nola adimenari eragiten dion erabiltzen den hizkuntzaren distantzia emozionalak. Amaitzeko, norbanakoaren hautematea testuinguru linguistikoaren arabera aldatzen dela erakusten duten datu berri batzuk erakutsiko dira. Honek guztiak, humore pixka batekin nahasturik, gaur egun arte gizakiaren esentzia osatzen zuela uste genuenaren inguruko hausnarketara eramango gaitu.